Tuesday, January 31, 2006

Banuala!!!

Beno lagunak, ni ere beste toki batera noala!!
Blogspot utzi eta blogarira.
Han jarraituko nauzue, ezta nire beletxook?!
Sartu, sartu...gonbidatuta zaudete eta...

http://www.blogari.net/saregu

Monday, January 30, 2006

Muxua










Muxu bat. Zein goxoa izan daitekeen patxo bat, muxu bat, laztan bat.

Bakoitzaren atzean muxuko partaide izan direnek baino ez dakiten istoriotxoa egon ohi da ezkutatuta.

Denok dugu istoriotxo hori barruan. Ametsetako istoriotxoa bada ere.

Gaur honekin etorri naiz. Ametsetara bidali nahi zaitudalako. Erromantizismo pixkatekin busti nahi zaitut. Nahi duzun horri muxu emateko gogoa piztu nahi dizut. Istoriotxoa eraiki. Ahal baduzu egi bilakatu.

Kantatxo bat utzi dizut HEMEN ametsetarako bidea erraxteko. Istorio zailenak politak izaten buka dezakete. Beraz, eraiki zazu harriz beteriko bide horren ostean, muxu goxo horrez bukatuko duen ametsa.

Ez al da zoragarria amets egitea?!

Friday, January 27, 2006

Elurra teilatuan...



Begira nola iratzarri nauen goizak nire auzoan!! Txuri-txuri bazterrak. Txuri-txuri errepidea. Txuri-txuri nire automobil beltza. Txuria geratu zaidan aurpegia, orain Eibarrera joan behar dudala sinistu dudanean!!

Elurra bota ta bota ari du, beraz, egin berria denez ez dago hainbeste arrixku errepidean. Halere, motel motel, primeran jeitsiko naiz zibilizaziora!!

Eskerrak Magalik psikologikoki jada prestatuta gaituen honetarako!!

BA hoixe lagunak, abixatuta zaudete. Gaur San Migelera etortzea nahi badezue...KONTUZ ibili errepidean!!!!

Tuesday, January 24, 2006

Amaren bularra


Atzo Urtarrilak 23, gure amaren urtebetetze festa ospatu genuen. Bere urtemuga. Bere jaiotzaren oroit eguna.

Urtarrilak 23an jaio zen. 23 egun zituela, bere amaren bularretik elikatzen jarraitzen zuen, 23 aste zituenean bezela. 23 hilabetekin, bere amaren bularra beste nebatxo batek nola mihizkatzen zuen begiratzen zuen gonapetik. Akaso noizbait muturra sartuko zuen bertara. Edo ez. 23 urterekin, bera zen bularra ematen zuena. Bera zen Ama. Bera zen elikagai. Bera zen maitasun emaile. Eta hartzaile. Duela 23 urte, berriz ekin zion bularra emateari. Oraingoan, gaur hitzok eskeintzen ari zaion arimatxoari. Atzo, 23an, 48 urte bete zituen. Oraindik gu elikatzen jarraitzen du. Maitasunez elikatzen. Elkar ulertzez elikatzen. Parrez elikatzen. Gomendioz elikatzen. Beti pentsatu izan dut ama eta seme/alaba lotzen dituen zilbor-hesteak zerbait gogorra duela. Erditzean moztu arren, inoiz mozten ez den katea dela. Eta amaren bularra dastatzeak, amaz elikatu beharra eta ama elikatu beharra dakarrela betirako.

Nik seme-alabak izango baditut noizbait, bularra emango siet. Barkatu, bularra eman nahiko nieke.

"Amaren bularra
haurraren janari,
haurraren negarra
beti hunkigarri;
baratz honen erdian
goseak nago ni,
zure bular laztanen
antsiz ta egarriz.

Zure bular politak
zerrien jostailu,
edertasunak kontuz
gorderik behar du;
zaude isilik, haurra!
ez egin negarrik,
munduak ez du-eta
malkoen beharrik.

Haunditzen zeranean
ikusiko duzu
isilik egoteak
zenbat balio dun;
jarrai zure bidetik,
hobe da horrela,
gauza denen gainetik,
haizea bezala.

Amaren bularra
haurraren janari,
aterpe samur hontan
lo hartu nahi dut nik."

Sunday, January 22, 2006

Elgoibar

Zuek Elgoibar entzuten duzuenean, zein da burura datorkizuen lehen irudia?

Askori, futbolak duen indarra dela eta, Joseba Etxeberria etorriko zaizue, bere elastiko txuri-gorriarekin, elgoibarko taldeena bezela, San Mamesen baloia sareratzen. Elgoibarko irudietako bat.

Beste batzuei, irakurle zareten intelektualoi bertako zenbait idazle: nola ez, Gotzon Garate, edo Sautrelan larunbatero literaturaz hitzegiten dizuen Hasier Etxeberria; edo Jasone Osororen tentaziotan erori zareten hoiek.

Metaleko konbenioa duzen hoiek, ziur entzunda izango duzuela Elgoibarko MAkina Herramientako institutua.

Egunkaria goitik behera irakurtzen duzuenontzat ezagunak izango dira Elgoibarko larunbat arratsaldeko liskarrak.

Baina gaur, igandea, albistegi eta egunkarietan Elgoibar arrazoi bakarragatik izan da hizpide. Juan Mugerza nazioarteko krosagatik, alegia. Asteburu hontan, urtero, elgoibarko kaleak larunbateroko gaztetxoez gain, Etiopia, Kenia, Tanzania...eta beste hainbat txokotako korrikalariz janzten dira. Guztiak kirol arropaz jantzita, beraien markak ongi erakutsiz, ziurraski San Frantzisko kalean hainbetse jende zergatik egoten den galdezka beraien buruari.


Bestela, ezagutzen al zenuen Elgoibar?

Tuesday, January 17, 2006

Herri guztietan daude xelebrekeriak

Gaur baten faltan bi. Sahararena flash back bat izan da. Oroitzapen bat. Zuekin konpartitzea nahi nuen. Baina bestela gaurkotasunez bustitako hiru kontutxo. Egunean zehar hitz jokoa eman didatenak:

BAT:
Irratian entzun dut goizean (albistegietan ez, xelebrekeriak komentatzen dituzten batean baizik) Japoniako gobernuak lurralde hortako langileak urtean opor kopuru minimo bat hartzera behartuko eta kontrolatuko dituen lege bat ezarri nahi duela.

Obelixek erromatarretaz pentsatzen zuen gauza bera pentsatu dut: japoniar hauek ez daude burutik sano!
Nahi ez dituzten opor egunak, edo hilabeteak, pasa ditzatela hona, ea zenbat irauten duten umezurtz!

BI:
Atzo flekiloa moztu nuen. Ez dakit zer egiten zuten guraizeek bainugelan. EZ dakit. BAina han zeuden, nire zain. Flekiloa moztu beharra nuen. Guraizak niri begira zeuden. Ez dakizue nolako lasaigarria den ilea moztea, kris-kras hotsa entzutea. Zerbait disimulatua egin nahi nuen. Ez naiz ordea ileapaintzailea. Ohartu naiz moztutako ileak konketean behara joaten direla, ez dutela beste paturik.
Ez naiz hain gaizki ikusi, irregularra baina modernoa geratu zait. Halere, ausartenek ea nork moztu didan ilea ohikatu didate. Beste guztiak errespetuz isilik geratu dira. Bihotz oneko politikoki zuzenen batek bere amaren esaera bat askatu dit: pelo mal kortao, en cuatro dias nivelao"
Maionesa bateko iragarkian esaten duten bezela..." ba ni zoragarri ikusten naiz!"

HIRU eta AZKENA:
Zarautzen neskatila bat jaio zen duela 4 egun. Ez dirudi albiste erakargarria, ez? Beno ba, Sare izena jartzea nahi diote. Nahi dute, baina ezin dute. Udaletxeko erregistroan tokatu zaien funtzionarioak ezin duela izen hori jarri euskaltzaindiaren izenetan sartzen ez bada(izena euskalduna denean noski!). Herri baten izena dela dioen dokumentuak eraman, eta ezetz. Leku baten izena dela. Beste mila izenen moduan. Ea ba frantsez izenetan sartzen den. Ezta. 7 egun dituzte umeari izena jartzeko, bestela isuna. Nire amak nola demontre egin ote zuen batere arazorik gabe duela 22 urte? Sare bezelako izen polittakin gainera. Sunsunkorda, Morokila edo Bustantza izena ipintzea nahi baliote, ulertuko nuke funtzionarioaren "laguntza"(norbaitek izenotako bat baldin badu ez dadila gaizki sentitu arren), baina kasu hontan...ez dakit. Akaso, ezjakintasunean hitzegiten nabil, baina ba al du zentzurik?

Kuriosoak hirurak, ezta?

Sahara



Kuadernotxo hori bat aurkitu dut aspaldian astindu bako "kajon de sastrean". Badakizue, denetarik aurki daitekeen kajoi hoietako bat. Noizean behin, bixita bat egitea plazer bat den kajoi amaigabe hoietako batean.

Notebook dio azalean, SG, 2003 hitzez apainduta. Lehenengo orrian, aurkezpena dator: MAROKORANTZ...Salamankatik, dio.

Aurrerago beste mila kontu, Marokon ibili gineneko kontuak, sentsazioak, marrazkiak, jokuak, arabeen letrak, berebereen jeroglifikoak...

Guzti horren tartean, bertan bidaide izan nuen Bergarako Mirenen idatzitxo bat topatu dut. Eta arnasa sakon hartzera eraman nau, osterabe.

"SAHARA; apirileko egun galdu batean aurkitzen gara, basamortu barnean . Bidaia kuriosoa izan zan, ezen Express kotxeak bere tripa guztiak etara zituen dunaz duna nunbaitera heldu nahian. MAkina bat oztopo jasan genituen arren gure lagun moroek bertatik atera gintuzten.

Ba holaxen, gabean yembe, tinbal artean wiskhy botila bat esku artean geneukala, bi kulturak batu genituen, polita izan zan, bai alajaina!!

Desertuko paisaia desberdina da, bitxito txiki bat moduan sentitzen naiz hainbeste arai artean, ez dakizu noruntz jo, soilik aurrera begiratu, eguzkia jarraitu ta norberaren instintoari so egin.

Esperientzia ezberdina izan da, ta bertan lo egiteak duen xarma berezi horrek piztu nau, lasaitasuna tinbalen zaratakin nahasten da, gure azal txuria bertakoen beltzaranarekin, eguzkia ikargiarekin eta zerua lurrarekin. Soilik bertara bueltatuko garela diñot, ezen basamortuak eman didan sentsazio hori, ezin da hitz batzuekin azaldu, ezen hemengo bistak, usaia, taktoaz jabetzeko hemen egon ta bizi behar baitzara.

Sahara, 2003´4´24 "

Ahaztua nuen koadernotxoa eta bertan idatzitakoak. Baina Sahara entzuten dudan bakoitzean sentsazio goxo batek jaten nau. Gu bisitariok zer esango dugu ba!! Bertakoek ez dituzte akaso gure hitzak ulertuko, baina kuriosoa izan da, Mirenen testotxoa irakurri ostean, kuadernotxoan aurrera jarraitu dut eta beste zerbait zegoen idatzirik, oraingoan nere letraz. Oso sentsazio beretsua iruditu zait:

" Duna artean guarak itzali du eguna. Sahara ukitu dute gure oin biluztuek, are finezko mendiak kostata zeharkatuz.

Izarrak inoiz baino dardartiago zeru beltza estaltzen dute; eta gu beraien energia jasotzen, begira, lasai, gustora. Bapatean bat erori da inoren gainera, ezerezean desagertuz.

Aho berbereen ahots ezezaguna musikan bilakatu da, esku beltzaranek tanborrak erritmo lasaigarriz astintzen dituztelarik.

Basamortua, zerua, musika beraiek eta gu. Bostok bat mundu desberdin bat eraiki dugu; elkar bat eginik, denbora une batez gelditu; denborarik gabeko munduan hegaka ametsekin elkartu eta eguzkiak begiak ireki dizkigu hondar borrokalariaz."

Itzuliko gara.

Monday, January 16, 2006

Behera Penak!!!

Bihar San Anton. Elgoibarren jaieguna. Ni elgoibartarra, baina eibarren lanean, beraz ez dago jairik. Eibarren San Andres(azaroak 30) jaieguna, baina ni ez naiz eibartarra, beraz ez dago jairik!

Beraz, bihar Donostiko kaleak elgoibartarrez josiko dira. Beherapenak aprobetxatzeko ezarri zuten elgoibarren San Anton jaia.

Nire ama ere gaur iluntzean joan da anaiaren etxera Donostira, bihar goizean goiz han izateko. Eguna aprobetxatuz, astean zehar egin ezin dituen gauzak egin, eta bide batez, ea zerbait aurkitzen duen beherapenetan.

Beherapena: behera penak! Gora prezioak! Penak kentzera joaten zara beherapenetara. 3 euroko kamiseta bat erosten duzu, udarako edo neguan barrutik eramateko. 15 euroko galtza batzuk erosten dituzu, estu dituzun arren, oso merke daude, eta gainera mehetuko zara, oraindik turroia larruazalaren azpian baitago, baina lasai, bi egun konpota jaten pasa eta lixto!Galtzetan barna! Baina halako batean, bila zenbiltzan txaketa ederra ikusi duzu. Ze polita!! Eta harrigarria dirudien arren, zure taila hortxe bertan, txukun-txukun jarrita gainera: M. Ez dakizue zeinen azkar amaitzen diren M-ak! Eta aldamenean txaketarekin ezin hobeto doan alkandora, M baita! Zorteko nago gaur!! Eskerrikasko San Anton! Baina halako batean..."avance de temporada". Letra txikiz. Oso txikiz. Eta zu txaketa eta alkandora soinean dituzula, guapisima. Prezioa, ez hain guapisima beherapenetarako. Baina udako beherapenetan badakizu ez dela M hori geratuko! Beraz, San Anton, hor konpon! Hilabete erdi pasa da, asteburutan zinera ez joan eta egina dago. Behera penak!! Gora Prezioak!!

Nik ez dut San Antonik bihar. Ezta San Sebastianik ere. Beraz, beherapenetara joatea okurritzen bazait noizbait, 3 euroko kamiseta hura han egongo da, kolore zatarrenetan, baina 3 eurotan, akaso 2.99an. Baina ziur naiz "avance de temporadan" M-a ez dela jada nire zain egongo.

PD: Sukaldeko fluoreszentea zoratu egin da. Diskotekero konplexua hartu du. Ni ere zoratu nau ia-ia. Imajinatu, piztu eta itzali, ez al zaizue tortura iruditzen? Bihar fluoreszente borobil baten bila hasiko naiz herriko dendetan, ea nork egiten didan beherapentxo bat! Beno bihar ez, dendak itxita baitaude; etzi.